Eskolako Agenda 2030 21-22, belardiak

Urtarrileko alean aurreratu genizuen moduan, aurreko ikasturtetik, Eskolako Agenda 2030 programan lantzen ditugun gaiak Garapen Iraunkorrerako Helburuen artean aukeratzen dira orain eta bi ikasturtetan zehar lantzen dira. Aurreko ikasturtean, 15. GIHa aukeratu genuen Bidasoaldean, Bizitza Lehorreko Ekosistemetan, hain zuzen ere, eta Basoen azterketari eskaini genion ikasturtea.

Ikasturte honetan, 15. GIHa lantzen jarraitzen dugu, baina oraingoan, “Belardiak” izango ditugu ardatz.

Belardi gehienak ekosistema erdinaturalak dira, izan ere, gure latitudeetan giza ekintzen bidez mantentzen baitira, bai belarra mozten duelako, bai animaliak sartzen dituelako larratzera. Muturreko bizi baldintzetan garatzen diren belardiak izan ezik, gainontzekoak baso bihurtuko lirateke gizakiak mantentzeko lanak egingo ez balitu.

XX. mendearen erdialdera arte, gure gizartea, bertan ekoiztutako landare eta hazitako animaliez elikatzen zen nagusiki eta horregatik, belardien nagusitasuna erabatekoa zen gure lurraldean. Baina XX. mendearen erdialdetik aurrera industrializazioak ekarri dituen lehenengo sektorearen gainbeherak eta hiri eta herrien hedapenak belardien desagertze abiadura izugarri azkartzea eragin dute.

Belardiek garrantzi handia dute biodibertsitatearen kontserbazioan, gure elikaduraren oinarria den polinizazioa gauzatzen duten intsektuen biziraupenean, elikadura burujabetzan, paisaien kalitatean…

Horretaz guztiaz jabetzeko, ariketa eta jarduera desberdinak burutuko dituzte gure ikasleek ikasturte honetan zehar, batez ere, otsailetik aurrera, gure belardiak esnatzen eta loratzen hasten direnean. Besteak beste, zentzumenen bidez, landare eta animalien ezaugarriak ezagutzen hasiko dira ikasle gazteenak; Irungo parkeetara eta Ikastola inguruko belardietara hurbilduko dira maila desberdinetakoak eta han, normalean oharkabean pasatzen zaizkigun hainbat landare eta animalia desberdinak ezagutuko dute; Ikastolako berdegune batean, belardi azalera zehatz bat moztu gabe utziko dugu eta modu horretan, ikasleek aukera izango dute belardien bilakaera naturala zein den bertatik bertara ikusteko…

Esperientzia horiekin guztiekin, Irungo belardien egoera hobetzeko proposamen batzuk adostuko ditugu eta maiatzean burutuko den eskola desberdinetako ikasleen arteko foroan aurkeztuko ditugu. Foro horretan, dokumentu bateratu bat elaboratuko dugu eta Irungo alkateari aurkeztuko diogu ikasturte amaieran Irungo Udalean egingo den entzunaldian

Ikastolako zuhaitzak ezagutzeko ibilbidea

Txingudi Ikastola natur ingurune apartan kokatuta dagoela begi bistakoa da, erreka bat pasatzen da ikastolaren erditik eta zelai eta baso txikiez inguratuta dago. Natura aberastasun horrek badu isla ere, Ikastolaren barruan, izan ere, ugari baitira bertan ikus daitezkeen zuhaitzak, hegaztiak, ornogabeak…

Aberastasun horren adierazle da Ikastolan dugun zuhaitzen dibertsitatea, hamazazpi espezie desberdin ikus daitezke eta Ikastolaren barruan. Hala ere, aberastasun hori ia ezezaguna da gure ikasleentzat, irakasleentzat, familientzat…

Eskolako Agenda 2030ean biodibertsitatea, paisaia, lehorreko ekosistemak… landu ditugunean, beti agertu da balio natural hori gehiago erabili beharko genukeela eta ekimenak antolatu behar genituela ezagutzera emateko. Asmo horrekin, STEAM 21-22 deialdian proiektu bat aurkeztu genuen, zuhaitzen identifikazioa ardatz hartuta, hizkuntzak, matematika, teknologia, taxonomia, botanika, ekologia eta arte hezkuntza lantzeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin.

Egindako lana Ikastolako zuhaitzen ondoan jarritako paneletan dute isla. Bi motako panelak daude, batzuetan zuhaitzaren izena euskaraz, latinez, gaztelaniaz eta ingelesez jasotzeaz gain, zuhaitz espezie horri buruzko informazio idatzia eta atal desberdinen marrazkiak agertzen dira. Besteetan, ordea, bakarrik izenak aipatutako lau hizkuntzetan ikus daitezke.

Panelen bidez, Haur Hezkuntzako sarreratik Jaitzubiako errotatik hurbilen dagoen eremuraino doan ibilbidea osatu da eta Lehen Hezkuntzako sarreran, Ikastolako zuhaitz desberdinen kokapena jasotzen duen panel direktorio bat ipini da.

Hondakinen kudeaketa Txingudi Ikastolan

Eskolako Agenda 21 programan sartu ginenetik, garrantzi handia eskaini diogu hondakinen gaiari, izan ere, gurea bezalako gizarte garatuetan hondakinak arazo larria bihurtu baitira. Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen hondakinen kudeaketan aldaketak behar direla eta gizarte osoaren parte hartzea beharrezkoa dela arazo larri honi irtenbide egoki bat emateko.

Azken puntu hori izan da gure helburua urte hauetan guztietan, hau da, gure ikasleak eta familiak, arazoarekiko sentsibilizatzea eta eragile aktiboak bihurtzea.

Gai honen inguruan, “MBB” (Murriztu-Berrerabili-Birziklatu) estrategia izan da gure helburua, hau da,  bai modu teorikoan, bai modu praktikoan ere, hondakinen sorrera MURRIZTU, sortutako ahalik eta hondakin gehien BERRERABILI eta berrerabili ezin dena, BERTZIKLATU.

Horretarako, ikasleekin gelaren barruan egindako sentsibilizazio lanaz gain, Ikastola hondakinen kudeaketa egokiaren eredua bihurtzea bilatu dugu. Lehenengo ikasturteetan ontziak eta papera modu bereiztuan jasotzeko zaborrontziak jarri genituen, bai gelen barruan, bai eta jolas lekuetan ere.

Azken ikasturteetan, ordea, materia organikoaren jasoketa Irunen aktibatu denetik, aparteko lana egin dugu hondakin mota horren jasoketa bereiztua martxan jartzeko. Une honetan, jangelan sortzen den biohondakin guztia modu bereiztuan jasotzen da eta Txinzerrek eskaintzen duen atez ateko zerbitzuaren bidez, konposta egiteko plantara bideratzen da.

Jolas garaietan sortzen den biohondakinaren kudeaketa, ordea, Zisare eta Baratza Ekologikoaren proiektuen barruan kokatu dugu. Ikasturte hasieran, Lehen Hezkuntzako jolas lekuetan bost zaborrontzi marroi jarri genituen eta bertara botatzen dituzte ikasleek hamaiketakoetan sortzen den biohondakina.

Astean bi alditan, 5. eta 6. mailetako ikasleek, zaborrontzi horietan jasotako biohondakina biltzen dute eta konpostagailuetara botatzen dute. Une horietan, konpostaren tenperatura, hezetasuna eta Pha neurtzen dituzte eta ongi nahasten dute.

Konposta gure baratza ongarri

tzeko erabiltzen da. Baratzean, landaketak egiten dituzte 

5. eta 6. mailetako ikasleek eta bertan ekoiztutako produktuak hamaiketako osasuntsuak egiteko, San Tomas azokan erakusgai jartzeko… erabiltzen dira.

Baina lan hori alferrikakoa izan daiteke ikasleek zaborrontziak gaizki erabiltzen badituzte, horregatik da hain garrantzitsua ikasleekin sentsibilizazio lana egitea.

Ikasturte honetan, lan hori geletako ekoordezkariek egin dute. Gela bakoitzean bi ekoordezkari izendatzen dira ikasturte hasieran.

LHko 3. mailatik gorako ekoordezkariekin egindako bileretan hondakinen kudeaketa iraunkorrari buruzko oinarriak helarazi zaizkie eta gero, ekoordezkariek informazio hori haien ikaskideei eta 1. eta 2 mailetako ikasleei transmititu diete euskarri informatikoak eta jolasak erabiliz.

Une honetan, biohondakinaren jasoketa Haur Hezkuntzara zabaltzeko aukerak aztertzen ari gara eta datorren ikasturtean martxan jartzen saiatuko gara.

Hala ere, berriro adierazi nahi dizuegu zein garrantzitsua den Ikastolan egiten dugun lanak etxean jarraipena izatea, haurrek Ikastolan gauza bat ikusten badute eta etxean kontrakoa, egindako lana alferrikakoa bihurtzen da eta.

5. eta 6. mailak ZISARE programan parte hartzen ari gara

2015-2016 ikasturtean, Txingudiko Zerbitzuak martxan jarri zuen ZISARE programa, eskoletan autokonpostajea bultzatzeko asmoz eta gonbidapena luzatu zigun parte hartzeko

ZISARE programak hiru helburu ditu:

- Eskoletan sortzen diren biohondakinei tratamendu egoki eta iraunkorra ematea.

- Hondakinen prebentzioan sentsibilizatzea.

- Konpostajean gertatzen diren prozesu biologikoak tresna didaktiko gisa erabiltzea.

ZISARE programaren helburuak Ikastolako Eskolako Agenda 21 egitasmoaren lan ildoekin bat datozenez, aurreko ikasturtean parte hartzea erabaki genuen. Hasiera batean, 5. mailako ikasleek parte hartzea erabaki genuen jolas garaietan sortzen zuten fruta hondakinak konpostatzeko asmoarekin. Urtarriletik ekainera konpostagailua “elikatzen” aritu ziren gure 5. mailako ikasleak, parametro desberdinak (tenperatura, Ph…) neurtzen zuten bitartean.

Irailean, konpostagailua ireki genuen eta gure lanaren uzta jaso genuen: kalitate handiko konposta!

Prozesuari amaiera emateko, udaberrian konposta erabiliko dugu barazki desberdinak landatzeko, zaintzeko eta jasotzeko. Modu horretan, materiaren zikloa osorik begiekin ikusteko aukera izango dugu.

Ekimenak lehenengo ikasturtean izan duen arrakasta kontuan harturik, ikasturte honetan, 5. eta 6. mailetako ikasleek parte hartzea erabaki dugu eta dagoeneko, hasi gara konpostagailua betetzen. Aurten, gainera, jasotzen dugun materia organikoa ez da soilik bi maila horietako geletan sortzen dena, jolasgaraietan fruta banatzen den egunetan, 5. eta 6. mailetako ikasleek zaborrontzi marroiak jolaslekuetako toki desberdinetara ateratzen dituzte, Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek fruta hondakinak bertara bota ahal izateko.